viernes, 27 de mayo de 2011

Bizitza

Gutxi ezagutzen da Platonen bizitzari buruz eta ezagutzen denaren fidagarritasuna eztabaidagarria da. Hil bezain pronto, bere biografia Espeusipo bere ilobak idatziriko laudorioek estali zuten. Diogenes Laertzioren Filosofoen bizitzak bildumako III. liburukian zehatzen diren datuak anekdotikoak dira. Horrela, bere bizitzaren gorabeherak kontatzen dituzten iturri fidagarrienak Platonek berak idatzi bide zituen VII., VIII. eta XIII. gutunak dira.

Atenasen jaio zen, Peloponesoko Gerraren hastapenetan eta Perikles hil eta bi urtera. Familia handiki baten baitan jaio zen. Ariston zen bere aita, Kodro erregearen ondorengo familia batekoa. Bere ama Periktione izenekoa zen, familia aristokrata baten baitan jaioa, Dropides Solonen anaiaren ondorengoa.[4]. Aita Glaukon zuen eta Kritias tiranoaren iloba izan zen. Bai aitaren bai amaren aldetik arbasoak Poseidon jainkotik abiatu zirela aipatu zuen Laertziok, gerora Platon alegia bihurtuko zuten istorioen arabera. Bi anai, Adimanto eta Glaukon, bera baino zaharragoak, eta arreba bat, Potone, izan zituen. Aita gazte hil eta ama Pirilamporekin ezkondu zen bigarren aldiz eta harekin beste seme bat izan zuen: Antifonte. Potone bere arrebaren semea Espeusipo zen, gerora Platonen jarraitzailea eta Akademiaren buru izango zena. Familiari buruzko datuak Diogenes Laertziok ematen ditu. Bere solasaldietan ere maiz agertzen dira bere familiakoak Sokratesekin hizketan, hauetatik informazio eskasa atera badaiteke ere. Karmides izeneko solasaldian, Charmides bere osaba (amaren anaia) dela kontatzen du. Karmides Hogeita hamar Tiranoak taldekoa zen, Atenasko demokrazia K. a. 404 urtean kolokan jarri zutenak. Karmidesen eta bere amaren osaba zen Kritias ere, aldi berean Platonen solasaldi bateko pertsonaia dena, talde honetako buru bat zen. Hala ere, senitarteko guztiak ez ziren oligarkak. Pirilampo bere amaren senarra Periklesen eta, beraz, demokraziazaleen jarraitzailea izan zen.

Platonen jaiotzezko izena Ariston izan zen, Diogenes Laertzioren arabera eta Platon izena bere gorpuzkera zabala dela eta jarri zioten goitizena omen da. Hain zuzen, platos (πλάτος) hitzak « zabalera » esan nahi du. Bekoki zabala izateagatik edo bere izakera ireki eta zabalarengatik jarri ziotela aipatu da. Familia aberats bateko seme izanik, hezkuntza zabala jaso zuen. Sokratesen ikasle bihurtu zen eta bere eragina erabatekoa izan zen Platonengan, eta bere maisu eta eredu bihurtu zen. Diogenes Laertziok ematen dituen gaztetako beste datu batzuk, hala nola kiroletan nabarmendu zela eta antzerkian ere aritua zela, ez dira fidagarritzat jotzen.

Sokrates K. a. 399 urtean epaitua eta kondenatua izan zen, eta bere ikasleen kontrako kanpaina bat martxan jarri zen Atenasen. Horregatik Platonek Atenasetik alde egin behar izan zuen, Sokratesi gertatu zitzaionaren beldurrez. Hamabi urtez egon zen Atenasetik kanpo eta urte hauetan hainbat bidaia egin zituen Mediterraneoan zehar. Megaran, lehendabizi, eta Sizilian egon zela ziurtzat jotzen da. Laertzioaren arabera Zirene, Egipto eta Pertsiara egin omen zituen beste bidaiak, ordea, eztabaidagarriak dira. Siziliara egindako bidaietan Pitagorasen jarraitzaileekin ere harremanetan egon omen zen eta hauek matematikarako zuten joera bereganatu zuen. Horrela, Akademiaren atari gainean, Geometria ez dakien inor ez dadila hona sartu leloa idatzirik zegoelako istorioa zabaldu da mendeetan zehar.

Sizilian K. a. 387. urtean izan zela uste da, eta bertan Dion Siziliako Dionisio I. erregearen generalarekin harreman estuak izan zituen. Platonek zituen ideia politikoak praktikan jarri nahian abiatu omen zen Platon Siziliara. Baina bere saiakerak porrot egin zuen, Dionisioaren babesa galdu eta esklabo bihurtu ere egin omen zuten, azken datu hau fidagarritzat jotzen ez bada ere. K. a. 385. urtearen inguruan Atenasera itzuli zen eta Akademia izeneko ikastetxea eraiki zuen. Bertan filosofia irakasten zen eta ondorengo mendeetan ere, VI. mendera arte, filosofia-erakunde nagusi bat izan zen. Bertan zelarik, bere lanik garrantzitsuenak idatzi zituen eta ikasle asko izan zituen, haietatik Aristoteles.

Siziliako Dionisio II.a agintera heldu zenean, K. a. 367 urte inguruan Siziliarako bigarren bidaia egin zuen, Dionek bultzaturik, errege berriari filosofia eta gobernu ona erakutsi nahian. Bigarren bidaia hau ere ez zen ongi bukatu. Erregeak bere aurkako matxinada bat antolatzea leporatu zion Dioni eta erbesteratu egin zuen. Platon atxiloturik geratu zen Sizilian. Azkenean, erregearen baimenaz Atenasera itzuli eta Dionekin elkartu zen Akademian. Bertan 4 urte igaro ondoren eta Dionisio erregearen eta Dionen beraren eskariei jarraituz, Siziliako Siracusara itzuli ziren K. a. 361. urtean. Gauzak ez ziren orduan ere ongi suertatu eta Platon berriz ere atxilotu egin zuten eta Dionek ihes egin behar izan zuen. Honek armada bat osatu eta Sizilia bere gain hartu nahi zuen, azkenean erahila izan zen ordea. Platon Atenasera itzuli eta Akademian eman zituen bere bizitzako azken hamahiru urteak, K. a. 347 urte inguruan hil zen arte, 80 bat urterekin.

Lanak

Platonen lanak oso osorik heldu dira gaurdaino. Zabalean, 36 solasaldi eta beste 7 lan egozten zaizkio Platoni. Solasaldietan biltzen ez diren 7 lan horiek ustezkotzat (Notheuomenoi) jo ziren antzinako garaietatik, gaiari dagokinoez corpus platonicum delakoan sartu izan badira ere. Egun, aditu gehienek Platonenak ez direla uste dute. Halaber, Platonenak diren zalantzazko 13 gutun daude. Diogenes Laertziok galdu diren garrantzirik gabeko beste lan batzuk aipatzen ditu. 36 solasaldiak ordenatzeko irizpide ezberdinak daude. Trasilok emandako bilduman 36 solasaldiak 9 tetralogietan biltzen dira. Egun, Platonek ustez idatzi zitueneko garaiari jarraituz (sailkapena solasaldietako hizkuntzaren berezitasunak aztertuz burutu izan da), sailkapen honetan erabateko adostasunik ez badago ere. 36 solasaldietatik zenbaitetan Platon egilea izatea zalantzan jarri izan da eta beste batzuetan adituak nahiko ados daude Platonek idatzi ez zituela baieztatzeko. Ondoren ematen den zerrendan trantsiziozko solasaldiak aurreko zein ondorengo taldeetan biltzen dira aditu ezberdinen arabera.

lunes, 16 de mayo de 2011

Etika-Informatika bloga

Platon


                                                                       






Platon, grezieraz Πλάτων, (c. K. a. 427 - c. K. a. 347) Grezia Klasikoaren filosofo garrantzitsu bat izan zen. Sokratesen ikasle eta Aristotelesen maisu izan zen. Sokratesengandik jaso zuen eragina nabarmena izan zen. Parmenides, Heraklito eta pitagorikoen pentsamendu-iturrietatik ere edan zuen. Bere filosofiaren argitasunak eta sakontasunak eragin nabarmena izan dute historian zehar. Filosofiari bere egungo izaera eman eta bere zabalera osoan, hala nola etika, politika, metafisika eta epistemologia, aztertu zuen lehena izan zen. Askoren ustez, Aristoteles, Kant eta beste filosofo bakan batzuk bakarrik jarri daitezke bere parean. Bere lan nagusiak Solasaldiak izeneko bilduma batean jasotzen dira (solasaldi moduko idazkiak baitira), non Sokrates pertsonaia nabarmena den.

Ideien Teoria

Teoria hau da Platonen filosofiaren ardatz nagusia eta honen bitartez berak bi funtsezko galdera erantzun nahi ditu:
  1. Galdera ontologikoaZer da errealitatea?
  2. Galdera antropologikoaNola ezagutu daiteke errealitatea?
Teoria honek zera baieztatzen du, badagoela, alde batetik, bi errealitate maila:
  • Ideien Mundua → bertan ideiak eta zenbakiak daude, hauek perfektuak, hilezkorrak, aldaezinak eta bakarrak direlarik.
  • Mundu Sentikorra → bertan objektu fisikoak eta irudiak daude, hauek ez-perfektuak, iraungikorrak, aldakorrak eta anitzak direlarik.
Eta bestetik, bi ezagutza maila:
  • Benetako ezagutza (episteme) → arrazoimenaren bitartez lortzen dena.
  • Sasi-ezagutza (doxa) → zentzuen bitartez lortzen dena.


      Gure iritzia:

      Gure ustez filosofo Greko oso ona izan zen.